MUk adimen artifizialaren inguruko web-mintegia antolatu du.
Mondragon Unibertsitateak adimen artifiziala erabili duten enpresen kasu praktikoak erakutsiko ditu datorren asterako antolatu duen web-mintegian. Osasunaren sektoreko Ulma Medical Technologies eta industriaren sektoreko Domusa Teknik enpresetan adimen artifiziala nola erabili duten erakutsiko dute enpresa horietako ordezkariek eta Mondragon Unibertsitateko ikertzaileek. Jardunaldia asteartean egingo da, online formatuan, 15:30etik 17:30era bitartean.
Enpresa horietan erabili diren Machine Learning eta Deep Learning adimen artifizialeko ereduen berri jasoko dute bertaratuek.
Hala, Erik Isusquiza ULMA Medical Technologieseko software managerrak eta Asier Erramuzpe Mondragon Unibertsitateko irakasle ikertzaileak glaukoma aurreikusteko gaitasunari buruzko azterketa eta ULMAn egindako hardwarearentzako software bereziaren garapena emango dituzte aditzera.
Bestalde, Alaitz Urdalleta Domusa Teknikeko teknikariak eta Aitor Duo Mondragon Unibertsitateko irakasle ikertzaileak azalduko dutenez, enpresa horretan adimen artifizialak aukera eman die zenbait galdara-mota abiaraztean eta piztean gerta daitezkeen akatsak goiz antzemateko.
Jardunaldia, Mondragon Unibertsitateak urtarrilean hasiko duen «Data Scienceko Aditu Ikastaroa, Industriatik Silver Economyraino» ikastaroarekin lotutako jardueretako bat da.
Egitaraua:
- 15:30 – 15:40 Ongietorria eta «Data Scienceko Aditu Ikastaroa, Industriatik Silver Economyraino» ikastaroaren aurkezpena
- Beatriz Laskurain, Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta profesionalentzako aditu-ikastaroaren koordinatzailea
- 15:40 – 16:15 «Glaukoma aurreikusteko gaitasunari buruzko azterketa eta ULMAn egindako hardwarearentzako software bereziaren garapena»
- Erik Isusquiza, ULMA Medical Technologieseko software managerra
- Asier Erramuzpe, Mondragon Unibertsitateko irakasle ikertzailea
- 16:15 – 16:50 «Domusa Teknik: mantentze-lan prediktiboa galdaren abioan»
- Aitor Duo, Mondragon Unibertsitateko irakasle ikertzailea
- Alaitz Urdalleta, Domusa Teknikeko talde teknikoko kidea eta datu-zientzialaria
- 16:50 – 17:00 Galderak. Amaiera.
Iturria: mondraberri.eus
49 visualizaciones